XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Horren ondorioz, irakasleen artean gaur egun oso ohikoa den zalantza hedatzen da: transmititu behar ote dugu balio hau, ala doktrinamendua da hori egitea?, galdetzen dute irakasleek.

Hezkuntza morala haurraren jokabide zuzena sortzera bideratzen ez bada, beldur hori guztiz justifikatuta dago. Jokabide baten garrantzia ekintzaren zioak eta oinarrian dauden gogetak ezagunak direnean bakarrik antzeman daiteke.

Maila horrexetan, gogora dezagun, aldaketa nabarmenak gertatzen dira garapenean, baina, ikus daitekeenez, balioen transmisioak ez ditu zioak eta oinarritze-prozesuak behar bezala aintzat hartzen; horren ordez, aldez aurretik definitutako balio konbentzionalak jokabidean txertatzeko metodo eraginkorrak bilatzeari ematen dio garrantzi gehiena.

Haurrei ez bazaie balio horien inguruko juzgatze-kategoriak lantzeko eta probatzeko aukerarik ematen, orduan doktrinamenduaren arriskua hurbildu egiten da.

Doktrinamenduak presioa eta manipulazioa ekartzen ditu beti berekin, zeren bere asmoa ikusmoldeak txertatzea baita, baina ikusmoldea bereganatu behar duenaren erabaki librea saihestuz. Presio mota hori berezia da, beste presio mota batzuen aldean (baldintzapenaren edo bortizkeria hutsaren aldean), batik bat bere zolitasunagatik; doktrinatua ez du zuzeneko moduan zapaltzen, baizik eta amarruen bidez konbentzitzen -nolabait esatearren.

Doktrinatuak kanpotik ezarritako ikusmolde bat bereganatzen du, baina berak erabaki duela uste izaten du. Bereganatutako edukiak egiari edo zuzentasunari lotuta egoteak edo ez egoteak ez du axolarik. Erabakigarria da, ordea, bere iritzia osatzeko doktrinatua bide ez razionalez baliatu dela (hots, ez da argudio propioez baliatu, eta ez ditu azterketaren emaitzak berak egiaztatu).

Doktrinamenduari lotutako hezkuntza, hortaz, bi arrazoirengatik da kaltegarria eta onartezina: autodeterminazioa eta razionaltasuna baztertu egiten ditu, eta, horrekin batera, ezaguera eta arrazoimena erabiltzeko eta garatzeko aukera ukatzen die haurrei (ikus, doktrinamenduaren problematikaren inguruan, Reboul-en monografia, 1979, eta Snook-en liburukia, 1972).

Doktrinamenduaren arriskua ikasketa-plan askotan antzeman daiteke. Muturreko kasu bat aipatzeko, Hego Koreako hezkuntza moralaren helburuen artean komunismoaren aurkako bizitza izenburukoa aurkitu dugu.

Eskolarako orientabideen artean honako ustezko osagai moral hauek ageri dira: komunismoaren mehatxua, beraren etsaitasuna eta Ipar Koreako benetako bizimodua ezagutzea, komunisten erasoaren arriskuez jabetzea, bloke komunista suntsitzea, mundu librearen elkartasuna, nazioa bateratzearen aldeko jarrera sustatzea. (Xehetasun gehiago: Althof, 1984b, 154. orr.)

Balio horien edukiaz ez dago gehiago esan beharrik. Argi dagoena da hezkuntza moral hori kultura espezifiko baten balio-sistemara zuzenduta dagoela; helburua ez da haurren juzgatze-gaitasuna indartzea, baizik eta errealitate historiko batek balioez duen ikuspegia onartaraztea.